Haizea Lizarbe (Tafalla, 1989) eta euskararen arteko harremana aspaldikoa da. 3 urte zituela oparitu zioten, Tafallako ikastolan, eta ordutik ez dira banandu. Gaur bera da Lodosako ikastolako haurrei euskara oparitzen diena, Irunberrin eta Tafallan ibili ostean.
Bere hizkuntza-ahalmenari erreparatuta sinesgaitza izanagatik, Blanca García (Tutera, 1995) orain 4 urte hasi zen AEKn euskara ikasten. «Aspalditik neukan euskara ikasteko asmoa», dio, «sentitzen nuelako gure herriaren hizkuntza jakitea ezinbestekoa zela eta Iruñera ikasketak egitera joan nintzenean izena eman nuen euskaltegian».
Haizea eta Blanca, beste hainbat lagunekin batera, buru-belarri ari dira azken hilabeetan Agerraldia izango denari forma ematen.
Nola ikusten da euskara Ager Vasconumean?
Blanca García: Hegoaldean euskararekiko pertzepzioa txarra izan da; esaten da hemengo euskaldun kopurua oso txikia dela eta zein zaila den hemen euskalduna izatea, baina nik uste dut pertzepzio hori aldatu behar dela. Azken urteetan lortu dugunari arreta jarri beharko genioke. Gutxinaka-gutxinaka hemengo egoera hobetzen ari da eta hartu behar dugu gogoz eta poztasunez aurrean dugun erronka.
Haizea Lizarbe: Erdialdean euskararen egoera herriz herri aldatzen da, baina azken urteotan euskararekiko begirada asko aldatu da, hobe ikusten dela uste dut. Gero eta ume gehiago hasten dira euskara ikasten eskoletan.
Zein dira, beraz, euskarak eta euskaltzaletasunak zonaldean dituen erronka nagusiak?
B.G: Bultzada bat eman behar genioke euskararen ezagutzari eta erabilerari, eta eremu horretan euskararekiko dagoen jarrera aldarazi. Hau da, lortu behar dugu euskaldunok espazioa izatea euskara praktikatu ahal izateko, euskaltzaleek euskara ikasteko pausoa ematea eta euskara hobeto ikusita egotea, aurreiritziak aldatzea. Eta noski, hezkuntza sare publikoan euskaraz ikasteko aukera izatea.
H.L: Euskarak lortu behar du bere lekua zonaldean. Aisialdia behar da euskaraz, irratia, telebista, zerbitzuetan… Euskararekiko jarrera hobea den arren, euskaldunen eskubideak behin eta berriz urratuak dira. Ezinezkoa da euskaraz bizitzea, eta udaletxeetan euskara jakitea eskatzeko ahalegina egiten denean “aukera berdintasuna” argudio moduan erabiliz deuseztatzen saiatzen dira. Horrela ezin zerbitzuak euskaraz eskaini.
Erronka horiei erantzutera dator Agerraldia?
B.G: Agerraldia euskara herriko plazetara ekarri nahi duen ekimena da. Jaio da Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskalgintzaren eta euskaltzaleen beharrak asetzen laguntzeko beste modu batean: formazioa, finantziazioa, bitartekoak emanez… Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: kulturan, aisian, kirolean, alor sozioekonomikoan eta instituzionalean.
Eginkizun nagusietakoa zonaldeko euskaldunak, euskaltzaleak eta eragileak saretzea izango da. Modu honetan, kontaktuak eta harremanak egiteaz gain, herritarren beharrak eta hausnaketak aztertu ahalko dira. Hori dela eta herritarrak protagonista izango dira erabakietan eta egitasmoen gauzatzean. Horrez gain Euskal Herriko gainontzeko eragileak zonaldeari begira jartzen saiatuko da, eta proiektu zehatzetan parte hartzeko aukera izango dute.
H.L: Batez ere euskara, gure kultura eta euskaltzaletasunean, dagoena indartzera eta behar dena mugitzera dator. Agerrean euskararen alde lan egiteko prest dauden elkarte, herri, taldeei... bultzada emango die.
Saretzeari garrantzia handia ematen diozue...
H.L: Bai, beharrezkoa da saretzea, Agerraldiaren lehenengo pausua da. Hasi aurretik jakin beharra dago zer dagoen. Dagoena indartzeko. Ingurukoak ezagutzea batzuetan gurerako ideiak ekartzen ahal dizkigu, besteetan elkarlanak...
B.G: Zonaldeko pertsona, eragile, erakundeekin kontaktuan jartzen hasi gara, zentsoa osatzeko, diagnosia egiteko eta hemengo jendearen hausnarketak eta beharrak ezagutzeko. Eskualde guztietara ailegatzeko asmoa dugu.
Zergatik orain?
B.G: Errigoraren kezka hau zen: Euskarari Puzka kanpainak agortzen direnean zer geldituko da zonalde honetan euskalgintzan? Kezka honi aurre egiteko erabaki zen proiektu bat sortzea, gero ere bide propioa izango zuena, zonaldean euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko. Eta asmo horrek Agerraldiaren forma hartu du.
Zein eremu hartuko du ekimenak?
H.L: Erromatarrek Ager Vasconum deitu zutena, alegia, Nafarroako nekazal guneek osatzen dutena. Geroago izen itsusiagoa jarriko zioten zonaldeari: “zona no vascofona”. Eta horren ondorioz behar-beharrezkoa da euskarari berriz bultzada erraldoia ematea kendu zitzaion gunea berreskura dezan.
Zer nolako ekinbideak proposatuko dituzue?
H.L: Argi dugu herri bakoitzean egingo dena bertatik bertara erabaki beharko dela. Herriak dira haien beharrak ikusi behar dituztenak eta horrekin hasi beharko dugu lanean. Ideia asko egon dira mahai gainean: euskarazko ludoteka ibiltaria, sukaldari ospetsu baten klaseak, pilota eskolak... Eremu ezberdinak hartu nahi dira ekintzetan: aisialdia, kultura, kirola, hezkuntza...
B.G: Pentsatu da hedabide bat sortzea. Interesgarria iruditzen zaigu ere kultur agenda bat osatzea. Lasterketa bat Bardeetan, Euskal Herriko herrien arteko elkartrukaketak, bertako musika taldeak sustatzea... Eta lehendik sortuta dauden ekimenak mantentzen ere lagunduko du, noski. Momentuz ez dago ezer itxita, baina ideiak ez dira falta.
Edonola ere, proposatutako ekintzek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Besteak beste, euskaldunei euskara erabiltzeko aukera ematea, euskararentzat espazio berriak irabaztea, bitarteko ekonomikoak biderkatzeko gaitasuna izatea, parte-hartze eta auzolana sustatzea, bertatik sortua izatea…
Noiz hasiko da Agerraldia?
H.L: Orain buru-belarri ari gara saretzearekin eta espero dugu datorren udaberrian martxan jarri ahalko dugula jardueren agenda.
Nola finantzatuko da?
B.G: Hasiera batean, “euskarari puzka” kanpainaren bidez. 2013tik kanpainetan biltzen den ekarpen ekonomikoa Ikastolek, Sortzenek eta AEK-k proposatutako proiektuetara bideratzen zen, baina azken urteetan ekarpen ekonomiko horretatik zatitxo bat gorde egin da, balizko proiektu bateratu eta estrategiko baterako. Hasteko, horrekin finantziatuko da Agerraldia eta etorkizunean asmoa da autonomoa izatea eta bere baliabide propioak sortzeko gai izatea.
Eta zer harreman izango du Errigorarekin?
B.G: Momentuz esan ahal dugu Errigoraren barnean dagoela. Errigora izango da Agerraldia bultzatuko duena; bere eskutik egingo du bidea proiektua autonomoa izatea lortu arte. Eta une hori heltzean ere harremanean jarraituko dute, azken finean eremua eta euskara sustatzeko helburua partekatzen dutelako.